Zer da Jabetzako Agenteen Elkargoa?

GIPUZKOAKO HIGIEZINEN JABETZAKO AGENTEEN ELKARGO OFIZIALA (HJAEO)zuzenbide publikoko korporazio bat da eta kideak diren higiezinen jabetzako agenteen taldea biltzen du.

Higiezinen bitartekaritza-jarduerari buruzko sektore profesionala bereziki dago Europako Batzordeak INFORMAZIOAREN ASIMETRIA deitu duenak jota. Fenomeno hori, merkatuen funtzionamendu librea aztoratzen duena, gertatzen da kontsumitzaileek, erosten dituzten zerbitzuak eta objektuak epaitzeko behar ezagutzak ez dituztenean eta, askotan, beharbada, kontratatzen dituzten profesionalen gaitasuna identifikatzeko gai ez direnean. Asimetria informatibo hori bereziki kezkagarria da profesionalek beren zerbitzuak azken kontsumitzaileei ematen badizkiete, eta ez enpresei.

Europako Batzordeak berak aitortzen duenez, horrelako kasuetan, bada erregulaziorako behar bat, era horretan segurtatu egingo bailitzateke profesionalek beren jardueran aritzeko ezagutzak badituztela. Aldiz, Espainiako Estatuan ez dago bitartekaritza-jardueraren erregulazio espezifikorik. Hutsune horri aurre egiteko, Gipuzkoako COAPIk erakunde publikoen eta, oro har, gizartearen aurrean ordezkatzen ditu higiezinen merkatuaren arloko bitartekaritza, kontsultoretza eta aholkularitzako zerbitzuak modu arautuan eta heziketa espezifikoa akreditatuz ematen dituzten profesionalak. Lanbide honetan elkargokide izatea nahitaezkoa ez denez, higiezinen jabetzako agente bitartekari-lanetan aritzeak esan nahi du NORK BERE GOGOZ diziplina-araudi bati, zigor-erregimen bati eta jokabide- eta diziplina-kode bati lotzea eta, era horretan, kontsumitzaileei argitasun, gardentasun eta segurtasuna BERME HANDIENAZ ematea.

Gizartearekiko konpromiso-posizio horretatik, GIPUZKOAKO HJAEOk HIRU HELBURU ditu:

Lehena: bere jardueraren barruan, administrazio publikoari laguntza eta aholkularitza ematea arauak prestatzeko eta etxebizitza-politikak eta hirugarren sektoreko zein industriako politikak aplikatzeko. Horrenbestez, egun, GIPUZKOAko HJAEOk zabalik ditu ondorengo jarduera-ildoak:

  • Lankidetza etxebizitza-alokairu libreko merkatuko bitartekaritza-programarekin. Eusko Jaurlaritzaren ASAP.
  • Lankidetza Azalera Eskubideko etxebizitza publikoen lurzoruaren salmentan. Eusko Jaurlaritza.
  • Estatistikak prestatzen laguntzea. Euskal Etxebizitzako Behatokia.
  • Etxebizitza Legea tramitatzeko lankidetza. Eusko Jaurlaritza, Etxebizitza Batzordea.
  • Foru Ogasunarentzako iradokizunak eta lankidetza etxebizitzako zerga-gaietan. Komunikazio-ildo egonkorrak. Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Lankidetza Donostiako Udalarekin hiriaren merkatarien ehundura garatu ahal izateko. Donostia-San Sebastiango Udalaren Sustapena.
  • Iradokizunak Gipuzkoako udalei eta Foru Aldundiari Ondasun Higiezinen gaineko Zergako (IBIko) gainordainei buruz.
  • Iradokizunak Zerbitzu eta Elkargo Profesionalen Lege egitasmorako. Ekonomia Ministerioa.

Bigarrena: kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak zaintzea:

  • Ekintza profesionaletan kokatuta, Elkargoko Higiezinen Jabetzako Agenteen ekintzen kontrako kexuen leihatila, eta, dagokionean, diziplina- eta zigor-erregimena aplikatzea.
  • Elkargokideen profesionalizazioa eta trebakuntza sustatzea eta agente elkargokideen jarduera egokia zaintzea.
  • HJAEOk zainduko du elkargokide guztien lana INDEPENDENTZIA eta GARDENTASUN irizpideei lotzen zaizkiola, ASIMETRIA INFORMATIBOAk higiezinen merkatuan dauzkan ondorio gaiztoak gutxitzen saiatuz eta, hartara, kontsumitzaileen segurtasun handiagoa bermatuz.

Hirugarrena: Elkargokideen interesak defendatzea, nola administrazio-arloan, hala gizarte- zein ekonomia-arloetan. Gizartean, higiezinen jabetzako agenteen irudi profesionala sustatzea. Kontuan hartuz Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteek, Elkargo Ofizialaren inguruan (HJAEOn) antolatuta, lurralde historiko osoko merkatuaren prezio, kalitate eta joerei buruzko informazio zabalena daukatela (kalkulatzen da higiezinen merkatuan sortzen den informazioaren % 90 Higiezinen Jabetzako Agente elkargokideetan duela jatorria), HJAEOren helburu nagusi bat da informazio hori elkargokideen artean banatzea, betiere elkarrekikotasuna eta isilpeko izatea bermatuz.

Era berean, Gipuzkoako HJAEOk etengabeko lankidetzan dihardu hedabideekin, higiezinen merkatuaren egoera sozioekonomikoari buruzko geure iritzia bultzatzeko, eta kontsumitzaileek benetako informazio independentea eta gardena jaso dezaten.